Kristauentzat ez dago kanpotarrik

Lee el manifiesto en ESP | POR | CAT| GAL

Iberiar Eskualdeko Salestar Laguntzaileen Elkartea osatzen dugunok ehunka mila pertsonaren aldarriaren berri ematen dugu; izan ere, egunero, beren etxeak, bizi diren lurrak eta jendea gerratik, jazarpenetik, miseriatik edo klima-ondorioetatik ihesi alde egiteko bizi-premian aurkitzen dira.

Bereziki, amildegi batean harrapatuta haurtzaroa eta gaztaroa galtzen ari diren haur, nerabe eta gazte guztien aldeko ahotsa altxatzen dugu, kanporatzen dituen mundu baten bidegabekeriaren eta beren ongizateari uko ez egiteko hartzen ez dituen beste baten harresien artean.

Pertsona guztiek duintasun bera dutela adierazten dugu, jatorria, azalaren kolorea, kultura edo sinesmenak edozein direla ere.

Egitura eta mekanismo batzuek gutxi batzuen interes ekonomikoagatik munduko herrien artean sortzen dituzten desoreka larriak salatzen ditugu.

Migratzea giza eskubidea dela uste dugu, baina migratu behar ez izatea ere hala da. Migratzailea zuzentasunez eta anaitasunez tratatu behar da. Horrek eskatzen du beren giza eskubideak, eskubide zibilak eta ekonomikoak aitortzea, bai eta beren kultura-desberdintasunak ere, haiek egokitzea, hartzen dituzten tokiarekiko errespetua eta gizarteari egiten dioten ekarpen eraikitzailea eskatzen zaien bezala.

Ikusten dugu, sarritan, migratzaile askoren egoera prekarioak, gure elkartasuna piztu beharrean, beldurra eta errezeloak sortzen dituela eta intolerantzia, xenofobia eta arrazakeria egoerak eragiten ditu.

Kristau batek ere ezin ditu onartu, eta are gutxiago elikatu, arrazakeria, xenofobia, diskriminazio eta zapalkuntza adierazpenak, pertsona bakar batenak, bereziki behartsu eta ahulenenak, denok Kristoren familia osatzera deituak baikaude. Kristauentzat, ez erromes, ez kanpotar, ez erbesteratuentzat, inor ez da atzerritarra.

Salestar laguntzaileak garenez, bereziki haur, nerabe eta gazteen garapen pertsonalari adi dauden kristau gisa, ezin gara agertoki bidegabe horren ikusle gisa geratu: lurrean edo itsasoan modu ankerrean mugitzen diren haurrak, jaio zirenetik errefuxiatu-esparruetan pilaketaz harago beste bizitzarik ezagutzen ez duten nerabeak, bizitzeko ilusiorik gabe bizirautera behartutako gazte migratzaileak, gure hirietan etorkizunaren zantzurik ikusi gabe. Haietako zenbat daude bakarrik, gertakariek abandonatuta, familiaz eta gizatasunaz umezurtz! Inork ez du etxetik alde egin nahi, eta haiek beste inork baino gutxiago. Denok izan nahi dugu zoriontsu eta alai, eta haiek beste inork baino gehiago.

Hemendik ahots sendo eta argia altxatzen dugu bere bidegabeko errealitatea salatzeko.

Gobernuei koherentzia eskatzen diegu gure herrialdeetako konstituzioek aldarrikatzen dituzten balioen eta gure gizartera iristen diren migratzaileen giza eskubideen inguruko nazioarteko, tokiko, merkataritzako eta ekonomiako jarduketen artean.

Herritar bakoitzari eskatzen diogu gai izan dadila bere erosotasun-eremutik irteteko, justiziagatik eta gizatasunagatik, eta, horrela, etorkinekiko eta, bereziki, haur, nerabe eta gazteekiko harrera, ulermena eta abegikortasuna hobetzeko, batzuk familiarik gabekoak eta oso ahulak.

Ez dugu manifestu hau amaitu nahi, migratzaileen eta errefuxiatuen harreran, laguntzan, gizarteratzean eta sustapenean nekaezin lan egiten duten partikularren, erakundeen eta administrazioen ahaleginari balioa eman gabe. Horiek guztiek, pizgarri izateaz gain, mundu justuago bat eraikitzen laguntzen dute.

Basamortuan erromes ibili zen herri baten ondorengoak garenez, Jaunari eskatzen diogu, gurekin dabilenari, anai-arreba horiek guztiak babesteko eta haiek hartzeko bihotzak irekitzeko.

DESCARGAS

[wpfilebase tag=list id=17 pagenav=1 tpl=mitabla/]